arenfr

Azken Berriak

Hasieran, komunitatearen ekonomia salmentei estu lotua zen. Ez zegoen soldatarik, ez eta lan kontraturik ere. Mantenua lortzen genuen eta diru kopuru txiki bana ematen zitzaigun bizikideei, norberaren gastuetarako. Gainera, zati txiki bat gorde eta pilatzen zen, kanpo elkartasunerako, proiektuei nahiz inguruko taldeei laguntza emateko, beti ere helburu soziala eta alternatiboa begiratuta.

1987an, zerbitzu-emateko hitzarmenek eskaintzen zuten ziurtasunaren aterpean, eta legedia bete beharrez, kolektiboko kideen lan egoera erregulatzen hasi zen, 1993an amaituko bideari ekinez.

1989an, LOIKERI taldea (1986an hondakinen berreskurapena eta birziklaia landu zuen ikastaro batean parte hartu eta ondoren bilketa berezitua eta beiraren bilketa egiten zuten 13 lagun haiek) Emausko Trapuketarietan sartzen da erabat.

Gertaera honek aldaketa ekartzen du Trapuketarien eraketa tradizionalean: komunitatea bizileku eta lantoki izatetik, lanaren inguruan antolatzen den kolektibo anitzagoa izatera igaro da. Trapuketarien gunea ez da honezkero komunitatean bizi direnen gunea bakarrik. Beren etxeetan bizi eta bertara lanera joaten diren pertsonak ere badira. Lagun horiek ere zailtasunak dituzte lan-merkatuan sartzeko, eta ingurumenaren kezka ere badute.