arenfr

Azken Berriak

Nafarroako Trapuketarien Komunitatea 1978an sortu zen “Villa Simona” izeneko etxe zaharrean, Mendillorriko mendi-magalean. Hantxe elkartu zen 11 laguneko taldea (etxe hartan hasieran sartzen ziren guztiak) eta elkarrekin bizitzen ikasten hasi ziren, bitartean trapuketari lanean ari zirela: kamioi txiki batzuekin papera eta etxeko gauzak biltzen zituzten, eta saldu egiten zituzten euren biltegian. Emausko komunitate ohikoen eredukoa zen: behen biltegi-lantokia, 100en bat metro karratu, eta goialdean bizitza. Leku falta iristean, kanpoaldeko 800 metro karratuetan txabolak eraikitzeari ekin zioten, egurrez eta txapaz, komunitatera inguratzen diren jendeei leku egin nahian. Etxez etxeko bilketa indartuta, lantegiak hobetzen dira, txatarra xehetu, altzariak konpondu, tapizeria lanak… beti ere bertara iristen diren kideen trebetasunen arabera egokituta.

Lehenbiziko aldia gorabeheratsua da. Hasierako pozaren ondotik gauzen errealitate gordinagoa antzematen da. Komunitatea sustatu zutenek apaltasun ikasbidea hartu zuten eta euren kideekin batera ibiltzera behartuta ikusi zuten euren burua, aurretik tiraka joan beharrean. Eginahala etengabea da, elkarbizi-dinamika sortu beharrez, begirunea oinarrian, hitzaren eta ekintzaren askatasuna bide direla. Kostako da denbora puska bat bortizkeriari uko egiten dion etika eta alkoholaren debeku irmoa onartzea.

Eginahalak bere fruitua ekarri du, ordea, aurrerantzean komunitatea izan baita giltzarria Nafarroako Emausko Trapuketarien garapen eta indartze bidean, haren sustrai sendoen gainean segurtasunez, irmotasunez eta aurrera begira ausardiaz hezi delarik kolektiboa.