arenfr

Azken Berriak

1970eko Nafarroan, jendartearen egoerak frankismoaren azken urtean gaiditzen ahalegintzen zen. Ia lau hamarkadako diktaduraren ondoren, sentsibilitate politikoa eta sindikala bidea urratzen saiatzen zen, talde txikiak sortzen ziren, zaharrak eta gazteak elkarrekin lan eta ikasi egiten zuten, aurrerago gauzatuko ziren aldarrikapenak eta salaketak prestatuz. Sormena eta itxaropena uztartzen ziren “errotiko aldaketa” berehalakoa eta demokratikoa heldu zela antzematen baitzen. Horren lagun ziren Europa zeharkatzen zuten pentsamendu molde batzuk, hala nola eliza katolikoaren sektore batzuen papera.

Une hartan sortu zen, beraz, Emausko Trapuketariak elkartea Nafarroan, gazte kementsu batzuen bultzadaz, garai hartako egoera sozialak eragiten zien kezkari erantzun nahian. 1972ko apirilean gure hizkuntzan “auzolana” esaten ahal diogun ekimen bat antolatu zuten gazte haiek, etxez etxe gauzak bildu eta ondoren saltzeko, helburua zela Portugaldik etorritako familia ijito batzuei bizileku duina eskaintzea, orduan Barañainen bizi baitziren txabola txar batzuetan. Bildutakoarekin, eta Iruñeko Udalak, Gurutze Gorriak, Karitasek eta Eliza inguruko hainbat taldek emandako laguntzari esker, ondoren “Poblado de Santa Lucía” izenez ezagutzen dena eraikitzen hasi zen.

Emausko Trapuketariak elkartea – ordurarte guztiz ezezaguna Iruñean – urte haietan agertzen hasi zen, elkartasunezko lanak eginez (auzolanak, bildutako gauzak azoketan salduz…), beste hainbat entitaterekin bat eginez, era horretan lortuz garai hartako eguneroko alor sozialean bere lekua bilatu zuela, herritarren zerbitzura lana bertatik bertara egiten zuen elkarte gisa.

Urteak igaro eta, inguruan erantzunaren beharra aldarrikatzen zuten beste heinbat errealitate antzeman zituzten. Hala sortu zen komunitatearen ideia, bertan bizilekua izan zezaten bestela abegi ona nekez topatuko zuten pertsonek.